Web mapa
Hizkuntzak

Zinemaldia apirilaren 12tik 19ra bitartean garatuko da bai Victoria Eugenia Antzokian ꟷzinemaldiaren egoitza nagusianꟷ bai Antzoki Zaharrean, baita hiriko beste eszenatoki batzuetan ere. Aurten berriro izango da Tabakaleran Zinema eta memoria zikloa. Zikloa osatzen duten hiru pelikuletan ꟷThe Mother of All Lies, Dieu est une femme eta Subjectꟷ Historia kontatzeko garaian irudiek duten ahalmena eta garrantzia aztertzen dira.

Dieu est une femme pelikulako irudi bat
Dieu est une femme

ZINEMA ETA MEMORIA (Tabakalera)

  • The Mother of All Lies (2023). Asmae El Moudir. Maroko-Saudi Arabia-Qatar-Egipto

Etxe-aldaketa bat abiapuntu gisa hartuta, Asmae El Moudir zinemagile marokoarrak bere haurtzaroko argazki bakar bat zergatik duen jakin nahi du. Senide, lagun eta bizilagunekin egindako elkarrizketen eta buztinezko irudiak ageri diren bere auzoko maketa baten bidez, ehunka hildako eta errepresaliatu utzi zituzten 1981eko Casablancako istiluen aztarnekin topo egiten du El Moudirrek, memoria indibidualaren eta kolektiboaren arteko lotura aztertzeko. Inor axolagabe utziko ez duen istorioa, amona bat protagonista duena.

  • Subject (2022). Jennifer Tiexiera, Camilla Hall. AEB

Subject filmak bizitza propioa pantaila batean partekatzeak adierazten duen bizi-esperientzia kontatzen du, The Staircase, Hoop Dreams, The Wolfpack, Capturing the Friedmans eta The Square dokumentaletako protagonisten testigantzen bidez. Egunez egun, mikroskopio baten luparen azpian egoteak haien bizitzetan zer eragin izan zuen aztertzen du filmak, eta hausnarketa bat egiten du dokumental bat filmatzeko osagai etikoen eta horrek dakarren erantzukizunaren inguruan. Milioika pertsonak kontsumitzen dituzte gaur egun dokumentalak generoaren aurrekaririk gabeko urrezko aroan, eta lan honek protagonistengan duen eragin sakonaz gogoeta egiten du.

  • Dieu est une femme (2023). Andrés Peyrot. Frantzia-Suitza-Panama

1975ean, Pierre-Dominique Gaisseau, Oscar saria irabazitako zuzendari frantsesa, Panamara doa kuna komunitatea filmatzera, non sakratuak diren emakumeak. Han urtebetez bizi da emaztearekin eta Akiko alabarekin batera. Azkenean dirurik gabe geratzen da, eta bankuak erroilu grabatuak konfiskatzen dizkio. 50 urte geroago, kuna emakumeak eta gizonak zain daude “beren” filma ikusteko, belaunaldi berriei transmititu zaien kondaira, alegia. Egun batean, kopia bat agertzen da Parisen.