Web mapa
Hizkuntzak

Donostiako Udalak, Donostia Kulturaren bidez, Adarra Saria sortu zuen 2014an euskal musikako artista edo talde baten ibilbidea eta lana aitortzeko.

Errobi, Adarra Saria 2024

Adarra Saria 2024

Errobi talde lapurtarrak jasoko du 2024ko Adarra Saria, Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak banatzen duten hamaikagarrena, hain zuzen ere, Amaia Ispizua musika sustatzaileak, Jaione Askasibar Donostia Kulturako Komunikazio eta Irudi zuzendariak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika teknikariak osatutako Aholku Batzordeak.

Errobik (Anje Duhalde eta Mixel Ducau) ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, 19:30ean Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko du Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra, Eneko Goia Donostiako alkatearen eskutik, eta segidan kontzertua eskainiko du Txomin Duhalde (bateria), Rèmi Gachis (gitarra) eta Iñigo Telletxea (baxua) musikariez lagunduta. Kontzerturako sarrerak ostegunean, apirilak 11, jarriko dira salgai, 20 eurotan.

Sarrerak erosi

Batzordearen arabera,Errobi taldea erabakigarria izan zen rock progresiboa eta psikodelia Euskal Musikan barneratzeko. 1973tik 1985era arte, Anje Duhalde eta Mixel Ducau buru zituen laukotea euskal musikaren abangoardian jarri zen, eta Euskal Herrian goraipamen gehien jasotako diskoetako bat ekoitzi zuen: Ametsaren Bidea. Zubi bat eraiki zuten belaunaldien artean, eta sortu zituzten abestietako asko gehitu dira herri ondarean”.

Adarra Sariaren harira, adierazpenok egin ditu musika taldeak: “Esker onez eta ohore handiz hartzen dugu duela mende erdi hasi eta hazi genuen lana edota uzta saritzen duen ezaugarri dotore hau. Milesker Donostia udalerriko Kultur sailari gutaz gogoraturik. Gora zuek, gora musika eta gora gure euskara!”.

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko. Orain arte Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak, Kepa Junkerak, Amaia Zubiriak, Joseba Tapiak eta Zea Mays taldeak jaso dute Adarra Saria.

Saria

Saria Marijose Recalde artista nafarrak (Iruñea, 1964) egindako eskultura bat da. Garaikurrak adar bat du, musikaren jatorria iradoki nahian, adarrak naturarekin eta jatorrizkoarekin duen zerikusia dela medio.

Obra brontzezkoa da, zenbait koloretako patinan bilduta, osagaiak bereizteko eta musikaren dardara, indarra, alaitasuna eta kitzikapena nabarmentzeko.

Adarra Saria, prototipo de Marijose Recalde

Sariaren izena

Sariaren izenak haizezko tresna zaharrari egiten dio erreferentzia, giza espezieak musika egiteko erabili zuen lehenengo instrumentuetako bati, alegia; baina, hostoei eusten dien zuhaitz-adarra ere gogorarazten du, berorren sustraiak lurrean hondoratzen baitira, eta lur horretatik jaiotzen dira kulturak, musika-tradizioa musikarien ekarpenei esker transmititzen eta aberasten den bezalaxe.

Anari, Adarra Saria 2018 (Argazkia: Foku).

Anari, Adarra Saria 2018 (Argazkia: Foku).

Fermin Muguruza, Adarra Saria 2017 (Argazkia: Foku).

Fermin Muguruza, Adarra Saria 2017 (Argazkia: Foku).

Sarituak